XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaldun zaharrei Geroago eta euskaldun berri ugariago dugun garai honetan, gure hizkuntza erabiltzerakoan, problema berriak sortzen ari zaizkigu.

Jendeak, Euskal Erriko hizkuntza nazionala zein den konturatu delako edo modan dagoelako, denetik baita gure zorioneko Herri honetan, euskara ikasteari gogotik ekin dio.

Alde guztietan, gau eskola, ikastola, eskola eta lantegietan, lagun askok gure mintzaira zaharra ikasten dihardu.

Baina, jakina, eskoletan ikasitakoa kalean edo etxean praktikatzen hasten denean, euskaldun berriari liburuetan ikasi ez dituen eragozpenak agertzen zaizkio.

Ikaslea eskoletan euskara batua edo batu antzeko bat ikasten saiatu bada, lagun artera joatean, beste euskalki baten aurrean aurkitzen da: Gure kasuan Oiñatin egiten den bizkaiera kutsuzko euskararen aurrean, halegia.

Baina ez dira hemen zailtasunak bukatzen.

Txikitandik euskara ikasi duenak, eta batez ere alfabetatu gabea baldin bada, ikasi berri batentzat oso azkar hitzegiten du, bukaerak laburtuz eta euskaldun berriaren mugak kontutan izateke.

Euskaldun zaharrari, gehienetan, pazientzia piska bat falta zaio euskaldun berriaren maila trakets eta baldar samarrera egokitzeko.

Okerragorik ere ba da, hots, ikasten diharduenaren lepotik farre egitea, honek anka-sartze nabarmenen bat egiten duenean.

Hau izaten da, noski, ikasle saiatuenak atzeratu eta asperrarazteko biderik aproposena.

Arazo larri hau nolabait konpontzeko edo arintzeko behintzat, nik bide hauk proposatuko nituzke: 1) Euskarazko eskoletan, norberaren herriko euskalkiaren berri labur bat eman, funtsezko xehetasun egoki batzuk adieraziz.

Ez da gehiegi ematea komeni, ikaslea nahas ez dadin.

2) Nahiz eta batzuentzat naiko gogor eta artifizial izan, euskaldun berriren bat tartean dugunean, poliki eta astiro hitzegiten saiatu, hitzak ondo ahozkatuz, bukaerak behar den bezala osatuz eta euskaldun berriak ezagutzen dituen hitzak eta formak erabiliz.

Azken hau ez da beti oso erraza izaten, baina, gehienetan, bestearen aldetik, bere mailara egokitzeko gogo bat besterik ez du eskatzen ikasleak.

3) Aditz kontuan, hasi berri denarekin, batez ere, hikako formarik ez erabili, zeharo desberdinak baitira, eta gainera, ikasleak ez dituzte ia eskoletan ikusten.

Zukako formak, berriz, euskalki guztietan antz handia dute.

4) Ikaslearen lotsa eta beldurra baztertzeko, gure hizkuntza amarengandik ikasi dutenek pazientzia apur bat edukitzea.

Horretaz gain, euskaldun zahar askori mintzatzen dakien euskara irakurtzen eta idazten ikastea komeniko litzaioke, hartara denentzat askoz errazagoa izango litzateke eta.

Urrats eta pauso hauk ematen ahalegintzen bagara, gure hizkuntza normalizatzeko eta gure Herria euskalduntzeko bidea ez zaigu hain aldapatsua egingo.